Duela 25 urte Arte Plastikoetako Xenpelar Udal Eskolan klaseak ematen hasi nintzen Orereta-Errenterian. Eskola hau udaletxearen diru laguntzekin aurrera doa. Nire tailerraz aparte, beste batzuk ere eskaintzen dira, zeramika, altzarien zaharberritzea, etab.
Nire ikasturteak hiru hilabetekoak edo urtekoak izaten dira, eta arratsaldez ematen dira, urrian hasita ekainerarte. Ikasleek matrikula ordaintzen dute, udal tarifaren arabera, Oreretako biztanleentzat zertxobait merkeagoa dena. Horrez gain, ikasleek zura erosi behar dute, eskolaren bidez edo beraien kabuz erosi dezakete. Ikasleek egindako lanak beti berauentzako izaten dira.
Hainbat talde etortzen dira nire klaseetara astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 15.30tik gaueko 21.30ra. Gehienez 20 pertsona daude klase bakoitzean, ikasle bakoitzarekin ondo lan egin ahal izateko. Adin eta genero guztietako ikasleak ditut, batzuk lan etorkizuna bilatzen eta beste batzuk hobby moduan. Ikasturtean programazio bat jarraitzen dugu, ikasle bakoitzak bere abilidadeak pixkanaka garatu ditzan, nahiz marrazkigintzan zein taila tekniketan.
Ikasleak pare bat urtez etortzen dira nire klaseetara normalean, hala ere, beste batzuk urte gehiago geratzen dira.